Gure Esku Dago plataformak milaka lagun bildu zituen zapatuan Bilbon, erabaki eskubidea gauzatzeko balizko galdeketa baten aldeko ekitaldian. Orain arte, baina, hainbat herritan egin dituen saiakeretan parte hartzea ez da behar adinakoa izan.
Jendetsua izan
zen galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatzeko Gure Esku Dagok (GED)
deitutako mobilizazioa. Bilboko Euskadi plaza eta Eliptikoa elkartu zituzten
parte hartzaileek irudi horren bitartez, milaka puxika eta elastiko gorri
baliatuta; ostean Herritarron Ituna deritzana aurkeztu aurretik. Ez da lehen
aldia, baina, 2013an sortuz geroztik herritarren atxikimendu zabala jasotzen duena.
Oso gogoratzekoa da erabakitzeko eskubidearen alde 2014ko ekainaren 8an Durangotik
Iruñera bitartean 123 kilometroz Euskal Herria zeharkatu zuen giza kate
erraldoia, sakoneko arazo politiko baten isla izandakoa. Dezente apalagoa izan
zen hurrengo urtean hiriburuetan egindako ekitaldiek lortutako erantzuna, inondik
inora gutxiestekoa izan ez arren. Mobilizazio handiekin batera, duela hiru
urteko apirilerik hona 142 galdeketa bultzatu dituzte, eta orotako errolda
549.057 lagunekoa izanda 146.590 herritarrek bozkatu dute, %26,7ko bataz
bestekoa lortzeraino. Datorren domekan, berriz, beste 24 udalerritan dira
galdeketak egitekoak.
GED-k Katalunia
hartu du erreferentetzat hasiera-hasietatik. Hango prozesu subiranista izan da
eredu, bertan jazotakoak Euskal Herrirako ere balio duelakoan. Ez bakarrik
horrek, jakina; baita Eskozia edo Quebec-ekoek ere. Baina aktibaziorako
funtsezko bultzagarria lehena izan da, horri babesa agertzeko zein bertoko
urratsak maila kualitatibo eta kuantitatiboan neurtzeko. Kataluniako azken bost
urteotako dinamika politikoa, baina, berezkoa da erabat. Estatut berriak
jasandako mozketek eta oinarrizko zenbait ezaugarri propioren aurkako aspaldiko
jokabide ezin onartuzkoek eragin zuten esparru sozialetik aro autonomista gainditzeko
mobilizazioetara deitzea, arrakasta handiz. Azken urteotako Diadak dira horren
erakusgarri —batik bat 2014koa, 1,8 milioi lagun inguru bildu zituena—. Artur
Mas eta Carles Puigdemont Generalitat-eko presidenteek hartu dute gerora
eskaera horri erakundeetatik egokiro erantzuteko ardura, eta azkenak datorren
urriaren 1erako iragarri du independentziaren inguruan erabakitzeko galdeketa.
Euskal Herriko
egoera oso bestelakoa da, ordea. Bai Hegoaldekoa zein Iparraldekoa. Euskal
Autonomia Erkidegoan Iñigo Urkullu lehendakariak, aldarrikapen nazionalak oso
gogoan, ekonomia eta ongizate soziala hartu ditu lehentasuntzat, azken
urteotako krisi latza gainditu, langabezia murriztu eta herritarren egunerokoa
hobetu asmoz. Apustu horrek saria jaso zuen ordainetan iraileko hauteskunde
autonomikoetan, ezarritako norabidea egokia den seinale. Nafarroan, Uxue
Barkosen gobernua UPNren urte luzetako sektarismoa gainditu, aniztasuna
lehenetsi eta 2015etik honako aldaketa kudeaketa lan on baten eskutik
egonkortzeko zereginean ari da buru-belarri. Iparraldean, azkenik, Euskal
Elkargoaren sorrera luzaroko berri garrantzitsuena da, bertako lurraldeei
gutxieneko egitura bateratua eskaintzen dien neurrian. Elkarlana eta hainbat
orekari eustea eskatuko du guzti hori hiru eremuetan bururaino eramateak, eta
horrek ematen du premiazkoena gaur egun.
Hala ulertu dute,
antza denez, hainbat herritarrek ere, GED-ren galdeketak ondo aukeratutako
udalerrietan egin arren, laurdena baino ez delako bozkatzera gerturatu. Erabaki
eskubidea eta independentzia gehiegi nahastea izan daiteke arrazoietako beste
bat, lehenari buruzkoa ei den dinamikak bigarrenari buruz galdetu duelako
hainbatetan. Lekuan lekuko egoera soziologikoa eta hauteskundeetako emaitzak
aintzat hartuta, ez dago zalantzan jartzerik herri horietan guztietan gehiengo
oso zabala erabaki eskubidearen aldekoa dela. Baina beste kontu bat da
galdeketon bitartez proposatzen zaiena uneon orekatu, probetxuzko, behar bezain
anitz eta Euskal Herri osoko errealitatearekin bateragarri iruditzen zaien. Beharbada,
hain momentu erabakigarrian, Nafarroan eta Iparraldean esaterako, honelakoek
euskal nazio izaeraren aurka bete-betean ari direnak elika ditzaketelako.
Bere etorkizunaz
erabakitzeko eskubidea euskal gizarteari dagokio, gehiengo ahalik eta zabalenak
adostu eta bideratutako eran. Eta horra heldu ahal izateko, badago zer egin
nazio eraikuntzari dagokionez, orain arteko moduan autogobernua eta ongizatea
pareko izan daitezen, lehena bigarrenaren berme izan dadin, edo-ta lurraldeen
arteko loturak estutzeko. Abiapuntua kontuan hartuta, prozesu historiko luzea
da honakoa, gizaldietako errealitatea ezin baita lau hamarkadatan zeharo aldatu.
Asko egin da 1979az geroztik, maila ekonomikoan, sozialean, hizkuntzarenean eta
bestelakoetan; baina beste horrenbeste dago egiteko, gutxienez. Erabaki
eskubideak berak ere hainbatetan zehaztasuna falta du zenbait buruzagi politikoren
ahotan; oinarrizkora jota, subjektua edo subjektuak argitzerakoan, adibidez.
Edozelango gaia ez denez, bestelako sakontasuna eman behar zaio, ikuspegi
demokratikotik zeharo landu eta sozializatu. Bat batekoek ez dute balio,
testuinguruaren araberakoek. Eta, bien nazio izaeraz gain, Katalunia eta Euskal
Herriko errealitate politikoek eta abagune historikoek ez dute antzik, ezta
azalekorik ere.
Nazio eraikuntzan aurrera egin ahala, egun hauskorra dena sendotutakoan, gehiengo zabalak osatutakoan, euskal gizartea izango da momentuan momentuko bere jomugak erabakiko dituena. Horra heltzeko zilegizkoak dira estrategia demokratiko eta inklusibo guztiak, eta epeak. Gernikako Estatutua onartuz geroztikoek asko egin dute bide horretan, zenbaitzuk luzaroan gutxietsi arren. Erabaki eskubidea, berori modu jakin batean praktikara eraman nahi izatea, ezin da aurkari politikoa astintzeko ikur modura baliatu; abertzaletasunaren barruan, eta baita kanpoan ere, oinarrizko adostasunak eskatzen dituelako, eta ez taktizismo hutsalezko jokabideak, albokoa aldioro higatzen saiatzekoak. Prozesu horretan inor ez dagoelako sobera, eta oraindik jende asko falta delako.
Nazio eraikuntzan aurrera egin ahala, egun hauskorra dena sendotutakoan, gehiengo zabalak osatutakoan, euskal gizartea izango da momentuan momentuko bere jomugak erabakiko dituena. Horra heltzeko zilegizkoak dira estrategia demokratiko eta inklusibo guztiak, eta epeak. Gernikako Estatutua onartuz geroztikoek asko egin dute bide horretan, zenbaitzuk luzaroan gutxietsi arren. Erabaki eskubidea, berori modu jakin batean praktikara eraman nahi izatea, ezin da aurkari politikoa astintzeko ikur modura baliatu; abertzaletasunaren barruan, eta baita kanpoan ere, oinarrizko adostasunak eskatzen dituelako, eta ez taktizismo hutsalezko jokabideak, albokoa aldioro higatzen saiatzekoak. Prozesu horretan inor ez dagoelako sobera, eta oraindik jende asko falta delako.
2017ko ekainaren 12an elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario