viernes, septiembre 29, 2017

Alderdi bakarra

Arnaldo Otegi izango da EH Bilduko lehen koordinatzaile nagusia, koalizioak alderdien batuketaz haragoko nortasun propioa izatea erabaki eta gero. Aniztasunaren kaltetan, urrats honek inoiz baino nabarmenago uzten du ezker abertzalearen esku.
Argazkietako irribarreen eta hitzaldietako berba handiosoen atzean EH Bilduren I. kongresuak askoz ere garratzagoa den errealitatea estali du. Bertan parte hartzeko izena emanda zeuden 4.901 lagunetatik 2.652k baino ez zuten bozkatu, %54k. Eta horien artetik %84ren babesa jaso zuten Otegik eta bere zuzendaritza taldeak, txosten politikoak eta estatutuek baino bederatzi puntu gutxiago. Izan ere, askotxo dira buruzagitza berria osatzeko irizpideak Sorturen lerroetan irentsezintzat jo dituztenak; edo-ta ezker abertzalea koalizioaz jabetzeko urratsaren aurrean kritiko agertu direnak, batik bat Eusko Alkartasunako kideen artean. Prozesua, baina, ez da malgutu, moldatu ez zabaldu, eta Otegiren oso ingurukoak izango dira EH Bildu berria kudeatuko dutenak. Koordinatzaile nagusi berriak proiektuaren izaera abertzale eta ezkerrekoa nabarmendu du behin eta berriz, eta Euskal Herrian abian omen den “iraultza kontserbadorearen aurrean iraultza demokratikoa” ahalbidetuko dutela gaineratu. EAJ behin ere ez du aipatu bere hitzaldian Otegik, baina jeltzaleei zuzendutako zeharkako aipamenak zenbatnahi errepikatu dira.  
Aurrera begira funtsezko aktibo politiko modura agertzeko ahaleginetan dabil aspaldion EH Bilduko burua, baina alperrik. Dagoeneko, aspalditxotik, Otegi gehiago da iraganeko eragilea etorkizunekoa baino. 2012an koalizioa sortu zenean, aniztasunaren aldeko ariketa legez plazaratu zuten, gehiengo berriak sortzeko ahalegin eskuzabal modura. Baina egoera dezente aldatu da geroztik. Hasierako olatuak emaitzak borobiltzera bultzatu zituen 2011n, eta orduko Bilduk —egungoaren aurrekoak, bozetarako propio gorpuztutako koalizioak— emaitza ikusgarriak lortu zituen, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala gobernatzerainokoak. Lau urte beranduago, ordea, EH Bilduk bi horiek eta beste hainbat erakunde galdu zituen, kudeatzeko modu jakin baten eraginez nonbait. Eta geroztik atzeraka aritu izan dira, iraileko hauteskunde autonomikoetan hiru legebiltzarkideren galera arrakastatzat jotzeraino.
ETAren aroaren amaieran, ezker abertzalearen zati bat —Aralar, ez— legez kanpo zegoen eta babes sozialari zegokionez, oso ahulduta. Euskal Herrian gero eta zabalagoa zen erakunde horrek armak uztea eta desagertzea eskatzen zuen gehiengoa; eta, berandu, gaizki eta autokritika sakonik gabe, euren burua jauzi hori egitera behartuta ikusi zuten hamarkada luzetan bide politikoa eta militarra konbinatzearen alde agertutakoek. Halako batean, ‘Jo ta ke, irabazi arte’ hainbestetan deiadar egindakoak garaile eta garaiturik gabeko bakearen aldeko militante sutsu bihurtu ziren, eduki metafisikozko ziklo berri bat hasi zelakoan. Aralar-eko ‘traidoreak’, EAko ‘erregionalistak’ eta Alternatibako ‘espainolistak’ bazkide hartuta ekin zioten, galdutako espazio politikoa berreskuratu guran. Ortodoxiaren jagoleak aniztasunaren predikatzaile egin ziren, ohi bezain grinatsu; eta bide horretan sortu zen EH Bildu, alde guztien ekarpenetatik EAJren benetako alternatiba osatze aldera. Urteak joandakoan, baina, ez du helburu hori lortu —gero eta urrunago dago, egia esan— eta ezker abertzaleak gainerako eragileen esku galdutako protagonismoa beretzat nahi du berriz.
Horretaz jabetuta, EAko sektore zabal bat, alderdi horren jatorrizkotik geratzen denaren erdi inguru, EH Bilduren trinkotze prozesuaren aurka agertu berri da, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia tarteko. Baina Pello Urizarren ildoa gailendu zaio oso gutxigatik, eta ikusteke dago zer jazoko den galtzaileekin. Ezker abertzaleari lagungarri izan zaizkio koalizioko kideak, iragana zuritzeko, galdutakoa berreskuratzen saiatzeko eta sektore berrietara zabaltzeko; baina dagoeneko ez ditu horrenbeste behar, elkarrekin ere ezin izan dutelako EAJ garaitu eta, bere birsortze prozesua bururaino eraman ostean, joko birtualetatik errealitate politiko gordinera itzultzeko sasoia dela iritzi diolako. Orain, independenteei lekua egiteko aitzakia baliatuta, piezak berregokitu dituzte, pertsona eta interes politiko oso jakin batzuen mesedetan eta EAn galdu duten horien eta beste askoren kaltetan.
Hala, Otegiren asteburuko hitzaldia ohi bezain findu gabea izan da, errealitatearekin bateraezina. Kontserbadore eta demokraten arteko asmatutako lehiaren berri eman die bere jarraitzaileei, osatu ezinik dabiltzan alternatiba nonbaitetik zintzilikatzearren edo. Baina egunerokoak ez dio laguntzen, beti jazo zaion legez, eta ez dator bat berak esandakoekin. Beharbada, horregatik ari da ezinean, beste behin. Bere estrategiaren osagaiak ez direlako egiazkoak, eta okerreko oinarrietatik ez dagoelako alternatiba errealik eraikitzerik. EAJren ildoa aurrerakoia da, sozialdemokraziatik oso gertukoa, eta maila nazionalean helburuak argi izanda egunerokoari eragiten diona. Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritza giza ongizatean eta elkartasunean oinarritutako politikekin ari da, krisi ekonomikoa gainditu eta langabezia murriztera bideratutakoekin, eta herritarrek hauteskundeetan babesten dituzte.
Ez dago, beraz, jardunbide ‘kontserbadorerik’, Otegiren irudimenean ez bada. Eta are gutxiago da berea balizko horri kontrajartzeko alternatiba ‘demokratikoa’, arlo horretan jeltzaleak distantzia handira izango dituelako beti. Horregatik ekin behar dio muturretik, esaldi borobil bezain hutsaletatik. Azkenean, EH Bilduko koordinatzaile berriaren errezeta oso zaharra delako: gidoi eskaseko fikzioa euskal gizartearentzat eta errealismo baztertzaileena bere inguruan aniztasunaren eta ñabarduren aldeko apustua egin zutenentzat.    

elcorreo.com-en argitaratua

No hay comentarios: