Gernikako Estatutuak oraindik eman ditzakeenak jasotzeko
ahalegina bazter utzi gabe, euskal erakundeak buru-belarri ari dira lanean
aurrera begirako autogobernu esparruaren nondik norakoak finkatzen. Lan handia
egin da orain arte Eusko Legebiltzarrean, hainbat adituren esperientziak eta
iritziak jaso eta gutxieneko adostasunak ehundu guran. Bertako alderdi guztiek
dakite ez dela erraza izango, funtsezko zenbait konturen inguruko jarrerak oso
urrun daudelako. Datozen hilabeteotan berriz eutsiko zaie saiakerei, azaroaren
13ko bileran erabaki eskubidea jorratzea erabaki eta gero. Abenduko egun berean
egingo dute topo berriz, hilabeteon estatus politikoaren erreformari buruz
oinarri-oinarrizko bat egiterik somatu ote duten aztertu eta gero.
Zaila izango da, zinez. Ez horrenbeste eskumen baten edo
bestearen inguruko ezadostasun sakonengatik, baizik eta horiek guztiak bildu
behar dituen muineko estalkia dela eta. Erabaki eskubidea da eragile politikoak
gehien urruntzen dituena; EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu, bakoitza bere erara,
erritmo eta baldintza propioekin, orohar horrekin bat datozen bitartean, PSE-EEk
eta PPk aurre egiten diotelako guztiz. Kontua da euskal gizarteari ote dagokion
bere etorkizuna mugarik gabe erabakitzeko eskubidea, aurretiaz adostutako
bermeekin baina urrats oro egiteko ahalmenarekin. Abertzaleek eta Ahal Duguk
burujabetzaren alde egiten dute, azkenok independentziaren hautuaren aurka
egiteko izan arren. Sozialistek eta popularrek, aldiz, ez diote euskal
gizarteari azkeneraino joateko eskubiderik aitortzen, ezta horretarako gehiengo
zabal bat balego ere.
Kataluniako prozesuak bertoko eztabaidan eragingo du,
nahitaez. Nahasi samarra izan da han jazotakoa, batik bat azkenengo txanpan. Errepublika
aldarrikatu ostean Govern-a Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez indargabetu
eta bere kideak erbestean edo kartzelan daudela, Rajoyk deitutako hauteskunde
autonomikoetan parte hartuko dute alderdi guztiek, CUP barne. Praktikan
ezerezean geratu da politikoki hain indartsu eta erabakigarria izan beharko litzatekeena,
eta dagoeneko bultzatzaileetako batzuek esana dute Estatu berrirako ustezko
jauzi hori 'keinua' besterik ez zela izan, negoziazio bat behartzeko edo. Hala,
kolokan geratzen da independentziara begirako Kataluniako bidea, ez delako
batere eraginkorra izan, Europan ez duelako behar besteko gutxieneko babesik
jaso eta, batez ere, horren atzean egon diren eragile nagusiak aldebakartasunari
uko egitekotan daudelako.
Egungo Europan independentzia kontzeptua dezente aldatu da
duela zenbait hamarkada eta, zer esanik ez, duela mende bete zuen esangura
aintzat hartzen bada. Elkarren arteko loturak zein horien araberako lankidetza
maila inoizko estuenak dira, eta hainbat arlotan, monetarenean besteak beste,
batasun proiektua bururaino eraman da. Baina gabezien artean Estatu ez diren
nazio izaerako eremuen ezinegona dago, bigarren mailako sentitzen direlako. Eta
badira dagokien Estatuan bereziki gustora ez daudenak ere, besteen pareko
izateko aukerari eutsi nahi izango lioketenak. Eta horrek ez du esan nahi
horietan Europako baloreen alde sutsu egiten ez denik edo-ta beste inor
gutxiesteko edo menpean hartzeko euren zilborrei begira ari direnik. Nazionalismo
erabat demokratikoak dira, gizabanakoa ardatz hartzen dutenak, munduari begirako
ikuspegi guztiz homologatudunak. Horiei ezin zaie bizkarra eman, ez dagozkien
ezaugarri gaiztoak eransten saiatuta; demokrazia orotan elkarrizketarekin
bideratu beharreko arazo sakon baten adierazgarri direlako.
Zilegizkoa da nazio izaerako herrialdeetan independentziaren
alde dihardutenek euren egitasmoa azkeneraino eraman nahi izatea. Horrek
gizarte bakoitzean izango duen indarra eta, beraz, gehiengo zabal zeharkakoak
biltzeko aukera, dagokion Estatuaren jarreraren araberakoa izango da. Horien
gutxieneko eskakizunak asetu eta nolabaiteko oreka harmoniotsu bat lortzekotan izango
da elkarlanerako modurik. Bestela, bide politikoek porrot egindakoan, gatazka
demokratikoki konpontzeko mugarik gabeko erabaki eskubideari eutsi beharko
zaio. Estatuen baitako nazio txiki horietako asko demokraziarekin zerikusirik
ez zuten prozesu historikoen bidez bildu zituzten gerora corpus nazional banaezin
bihurtutakoetara, maiz indarra, zatiketa eta ukazioa baliatuta. Horregatik da
ezinbestekoa Europa demokratikoan dagokien aitortza eskaintzea, Estatuen baitan
gizarte horietako bakoitzaren anbizioen araberako autogobernurako akordio
politikoak erdiestea. Hortik aurrerako 'tentsio' modukoak erabakiko du nahikoa
den ala ez, zenbat belaunaldiro egokitu behar den. Euskal Herriari dagokionez,
Europa topagune izan daiteke, EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko lankidetza
ahalbidetu eta estutzeko, Estatuen errealitatearen pareko bestelako bat osatu
ahal izateko.
Dinamika politiko horretan, salbaguardia bihur daiteke
erabaki eskubidea. Ez erasokor edo zatikatzaile baliatzekoa, baizik eta bere burua
naziotzat duena babestekoa. Aldebikotasunak oreka esan nahi du, elkarren arteko
errespetua, bestea aitortu eta norbere burua aitortua ikustekoa. Eta gizarteek
erabakitzen dute harreman horretan muga non jartzen den, zein tresna diren
beharrezko aldikako testuinguru politiko jakinei aurre egiteko. Hala, euskal herritarren
gehiengo zabal batek eskubide horren jabe izan nahi du, nahiz eta sozialistek
eta popularrek aurkakoa iritzi. Eta nekez adostuko da osagai hori bete-betean
bere egiten ez duen estatus berririk. Badago horretarako formularik, gura
izanda egungo legedian traumarik gabe txerta daitekeenik.
Euskal autogobernuaren muinekoak Ciudadanos buru duen
erasoaldia jasaten ari direnean, ezinbestekoa da Gernikako Estatutuaren eta
ondotik letorkeenaren defentsa irmoa egitea. Eta bultzatu gura den
homogeneotasunaren aurka jotzea. Azken honek ez duelako zerikusirik bateko zein
besteko herritarren arteko elkartasunarekin, ikuspegi nazional jakin bat gainerakooi
inposatu nahi izatearekin baizik. Zuhur jokatzeko ordua da, lortutako guztia
ondo babestekoa, elkarrizketa eta negoziazioa goiburu izatekoa; baina, besteen
jokabidearen arabera, norbere buruari mugarik ez jartzekoa.
2017ko abenduaren 3an elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario