Lehenengo, abenduaren 21eko zenbaki hotzak: partehartzea historikoa izan zen, sekulakoa, %81,94koa (duela bi urte, %74,95). Ciutadans gailendu zen, 1.102.099 boto eta 36 parlamentarirekin (aurreko autonomikoetan, 736.364 eta 25). Jarraian, JuntsxCAT eta ERC, hurrenez hurren; 2015ean JxSí osatu zutenak. Elkarrekin, 1.628.714 boz eta 62 ordezkari jaso zituzten; eta banaka, 940.602 eta 34 lehenek, eta 929.407 eta 32 bigarrenek. Orotara, oraingoan, 1.870.009 eta 66. Ostean geratu ziren PSC, 602.969 eta 17rekin (523.283 eta 16, lehen); CatComú-Podem, 323.695 eta 8rekin (367.613 eta 11); CUP, 193.352 eta 4rekin (337.794 eta 10); eta, azkenik, PP, 184.108 eta 4rekin (349.193 eta 11). Datuok aski ezagunak dira jada baina, horien irakurketa zuzen eta ahalik eta zehatzena egitekotan, garrantzitsua da elkarren segidan jarri eta gogoratzea, ordezkari politikoek aparteko abilezia baitute azken kontaketari oso arrotz zaizkion balorazioak egin eta gizarteratzeko.
Kataluniako gobernuan esku hartu ostean Mariano Rajoyk deitutako hauteskundeok ez dute sakoneko ezer aldatu, independentziaren aldekoek gehiengo osoari eutsiko baitiote Parlament-ean eta blokeen arteko portzentaietan ez dagoelako bestelako gorabeherarik. Ezer zehaztekotan, horietako bakoitzaren baitakoak argitu ditu. PDeCAT eta ERCren arteko lehian, esaterako, Puigdemont presidentearen zerrenda gailendu zaio Junqueras-enari, duela aste gutxi inkestek azken honen garaipena segurutzat jotzen zuten arren.
Sekulako lana
egin dute erbestean dagoen buruzagiaren jarraitzaileek, karguaren sinbolismoak
eta gobernuburuaren muturreko egoerak elikatuta. Primeran jakin dute hori
baliatzen, euren erakunde nazionalen aldeko deien eraginkortasunari esker. Esquerrak,
aldiz, garesti ordaindu ditu bere hautagai nagusia preso egotea eta horren
ordezko legez aritu denaren hankasartzeak eta inolako karisma eza. Hala, azken
legealdiko momentu gogor ugarien ostean, prozesuaren katalizatzaile eta ardatz
izan direnak C’s-PSC-PPri argi gailendu zaizkie beste behin: 66-57. Aurrerantzean,
gainera, ez zaie ezinbestekoa CUPen babes aktiboa, 57 horiei CatComú-Podem-en
8ak gehituta ere, orotara 65 direlako. Prozesuaren abangoardian kokatu nahi
izan duten antisistemek, Artur Mas bazter utzi eta bultzaka zurrun aritu
direnek, porrot egin dute nabarmen, eta eragiteko euren ahalmena askoz
txikiagoa izango da aurrerantzean. Onerako, oso ziur.
Bloke
konstituzionalista edo unionista deitutakoan, aldiz, Inés Arrimadas-en
hautagaitza izan da alde handiz sostengu zabalena lortu duena, hor kokatzen
diren kataluniar hautesle gehienen ikusmoldearen seinale gisa. Gizartea josteko
sozialistek egin dituzten deiak, aldiz, 155. artikulua indarrean jartzeari eman
dioten babesak baldintzatu ditu. Ia ezertan zehatza ez denak nekez lor ditzake
benetako jauziak, egoera politikoa hain tentsio handikoa denean hanka biak alde
batean jarri eta aldi berean erdibidean dagoen itxura ematea ezinezkoa delako. Alderdi
Popularrak, ostera, beti Madrilera begira egotea ordaindu du, eta luzaroan kataluniarren
gehiengoari aldioro ezezkoa ematea.
Kataluniako auzia
nekearen nekez bideratuko da, agian. Alde bien indarra aski ondo neurtua
dagoelako, behin eta berriz eta herritarren partehartze handiarekin. Eta ez
bakarrik horregatik. Baita euren egitasmoak jada bururaino eraman dituztelako
eta horrek ezer konpondu ez duelako ere. Ez zaie errekamaran ezer geratzen. Independentistek
Errepublika aldarrikatu zuten, eta ezin izan dute gorpuztu, gehiengo sozial
zabal eta zeharkako nahikorik ezean. Eta beste aldekoek Konstituzioaren 155.
artikuluaren bidezko esku hartzea bultzatu eta gauzatu zuten; hauteskundeotan
argi geratu den legez, porrot egin eta legitimitate nahikorik ez lortzeko.
Egoera horretan, beraz, hitz egitea da irtenbide bakarra, berdinketa infinituak
hainbat frustrazioren osteko asperraldia eragin baino lehen, etengabeko
tirabirari euts diezakiokeen gizarterik ez dagoelako.
Alderdi
soberanistak erabaki eskubidearen defentsa lehenestetik saia daitezke
granitikoak ematen duten blokeetan zirrikituak sortzen. Independentziarena
baino babes askoz handiagokoa delako galdeketa itunduaren eskaera Katalunian,
eta zeharkakoagoa. Hala, eztabaida politikoa independentziaren ingurukoa soilik
denean sozialistak eta Colau-Iglesias buru dituztenak eroso sentitzen dira
ezezkoan, baina ardatza erabaki eskubidea bada zatituago eta lekuz kanpoago ari
dira.
JuntsxCAT eta
ERCren beste aukera Parlament-ean duten gehiengo zabaletik aldebakartasunari
uko egin eta Rajoyren gobernuarekin negoziatzen ahalegintzea da, Estatuaren
lurralde egituran landu beharreko aldaketen testuinguruan Kataluniako
autogobernua berregin eta preso edo erbestean daudenei irtenbideren bat
eskaintzeko. Honek, jakina, aldarrikatu berri duten Errepublikari oraingoz uko
egitea lekarke, praktikan jazo dena aitortuta. Izan ere, independentzia onartu
eta hilabete gutxira berriz erkidego autonomo bateko ganbera modura osatuko da
osteguneko hauteskundeen ostekoa, halako kutsu surrealista eta guzti.
Mariano Rajoy
orain arte elkarrizketarako eta akordioetarako arazo nagusietakoa izan da,
baina badu aurrerantzean onerako eragile izaterik. Estatut berriaren aurka oldarkor
ekin zionetik honakoek guztiz bestelakoa adieraz dezaketen arren, gaur gaurkoz
PPren baitan Gobernuko presidentea da alde bien arteko nolabaiteko hurbilketa
prozesu baterako aukera bakarretakoa, bere alderdian alternatiba izan dakizkiokeen
guztiak bera baino are gor eta itsuagoak direlako. Ciudadanos, aldiz, muturreko
uniformetasunaren aldekoa da eta autogobernu eredua bera jartzen du ezbaian. PPri,
hain emaitza negargarrien ondoren, Kataluniako gizarteari begira eragile
baliagarri gisa agertzea komeni zaio, bere ohiko ikuspegiari uko egin gabe hitz
egin eta negoziatzen saiatzea, nolabaiteko lidergoa berreskuratzea, beharbada
Pedro Sánchez-en konplizitatea bilatuta. Bestela, ikuspegi demokratikotik
Kataluniako auzia kale itsuan dago, bata besteari gailendu ezin zaizkion bi
alderen etengabeko talkarenean. Eta hori gainditzeko, osteguneko emaitzak
tresna eta aukera izan behar dira, ez elkarri jaurtitzeko munizio.
2017ko abenduaren 26an www.elcorreo-en argitaratua
2017ko abenduaren 26an www.elcorreo-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario